MERKALAN 2026: ENPLEGUA ETA PRESTAKUNTZA EZAGUTZEKO AUKERA BERRIAK

Lan bila bazabiltza, zure ibilbide profesionala hobetu nahi baduzu edo lan-merkatuak eskaintzen dituen aukerak ezagutu nahi badituzu, adi! Azaroaren 17tik 19ra MerkaLan 2026 Enplegu eta Prestakuntza Azoka egingo da, Lanbidek antolatuta.

Aurtengo edizioak adimen artifizialak (AA) enpleguan eta lan-munduan duen eragina izango du ardatz, eta ehunka lan- eta prestakuntza-aukera ezagutzeko aukera eskainiko du.

Azokak bi modalitate izango ditu:

- Azoka birtuala: azaroaren 17tik 19ra. MiLanbide plataformaren bidez sartu ahal izango da, lan-eskaintzak kontsultatu eta haietan izena emateko.

-Azoka presentziala: azaroaren 18an, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC), 10:00etatik 17:30era. Sarrera doakoa da, eta 120 stand baino gehiago izango dira bertan.

Zer aurkituko duzu azokan?

Enplegu-eskaintzak ezagutzeaz gain, hainbat jarduera eta baliabide izango dituzu eskura:

- Enplegu-orientazioa: zure gaitasunak eta interesak identifikatu eta zure ibilbide profesionala definitzeko laguntza.

- Lan-elkarrizketen simulazioak: errealitate birtualaren bidez elkarrizketa batean praktikatzeko aukera.

- Curriculuma hobetzeko tresnak: bideo-curriculuma eta zure profil profesionala nabarmentzeko baliabideak.

- Adimen artifiziala eta enplegua: AAren erabilerari, lanbide berriei eta hautaketa-prozesuei buruzko hitzaldiak eta tailerrak.

- LinkedIn eta lan-bilaketa digitala: sare profesionalei eta enplegu-atari digitalei etekina ateratzeko aholku praktikoak.

- Europako lan-aukerak: beste herrialde batzuetan lan egiteko baliabideak eta informazioa.

Gainera, azoka presentzialean curriculumerako argazki profesionala doan ateratzeko aukera izango da.

Nola parte hartu azoka birtualean?

Azoka birtualean parte hartzeko, ezinbestekoa da Lanbiden izena emanda egotea. Horrez gain, honako baldintza hauek bete behar dira:

  1. Lan-eskaria bitartekaritzarekin altan edo etenaldian izatea.

  2. MiLanbideko harremanetarako datuetan helbide elektroniko bat izatea.

  3. Curriculuma eguneratuta izatea.

Lan-eskaintzak azaroaren 17tik 19ra bitartean kontsultatu eta haietan izena emateko aukera izango duzu.

Ez galdu aukera! Zure lehen lanaren bila bazabiltza edo etorkizun profesionalari begira aukera berriak aztertu nahi badituzu, MerkaLan 2026 topagune interesgarria izan daiteke.



Share on Google Plus

Zarautzgazte

Zarauzko Udaleko Gazteria Departamentuko webgunea. Zerbitzuak: Gazte Informazio Bulegoa, Gaztelekua, Ludoteka eta Gazteria Plana